XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Barkatu irakurle.

Otañoren bertsoei itzaurre au ematerakoan Pello Mari'n familian barneak geiago sartu ta aztertu banitu utsune asko beteak zenituzke, eta berri jakingarri batzuek arkitu ere; baña betarik ezak jardun au argitara arazi nau.

Ala ere eskerrak eman bear dizkiot biotzez Plazentziko Apaiz Loinaztar J. Andoni jaunari ain zuzen eta zintzo luzatu didan laguntzagatik.

Loinaz jauna Pedro Mari'n illoba degu eta aide tartean zokoak miatu ditunari eskerrak lantxo au zerbait jantzi degu.

Izan ere Pedro Mari'n bertsorik ezdakien benetako euskaldunik ez det uzte izango danik, baña bere berri-erditxo bat jakiteko ia ia Zizurkillen Errekalde baserriko sukaldea usmatu bear izan degu.

Beste esku gogoaingarri bat ere izan det lagun jardun kaxkar ontan: nere aitona maitea.

Larogeitasei urte ditu, baña burua argi oraindik beste zenbait urtetarako.

Otaño-familia nunbait auzoko zitun garai baten Donostian.

Joxe Bernardoren Loyolako pulpitokoan, an zan nere aitona Patxi, Donostiko Ayuntamientoak bialitako Aginaga jaunaren ondoan, parrez lertu bearrean.

Baita ere Pedro Mari aurrenengoz Ameriketara zijoanekoan Pasaiko kaian agurtzera bildu ziran jende tartean; eta oraindik esango zizun justu justu egun artako giroa eta nun ta nolako sagardua edan zuten ere.

- Eskerrak, aitona; urteak erakutzi dizuten jakituri urtetsu bezin baliotsuak, a ze liburu lodi ta jakingarri bete lezaken.

Ala ere nere lanaren aula aitortu bearrean nago.

Osatuko al ditu baten batek emengo utsuneak Pedro Mari Otañori dagokion aiñako jardun berri eder osoa eskeiñiaz!...